Indarberritu aurreko prestaketa fasean sartu gara neguan. Ongi egoteko, txarrak kendu egin behar dira. Egun motzak, euriak eta hotzak babesera bultzatuko gaituzte. Begiak itxita gauza bera egin dezakegu. Barne bidai horretan arnasketa lagun izango dugu.
Finantzetako planifikazio eta kontrol arduradun berria da Saioa Beristain. Egiten duen lana “kooperatibentzako lagungarri izatea” nahiko luke. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta portugesez hitz egiteko gai da eta hizkuntza horiek nahastuz espresio batzuk sortzeko gaitasuna ere badu. Batera eta bestera bidaiatzea gustatzen zaio eta lana edo desira tarteko, munduko hainbat txoko ezagutu ditu. Musikari dagokionez, house estiloa du gustuko. Saioa Beristain gehiago ezagutu nahi izanez gero, entzun ondorengo podcasta.
Intentsoa eta polita izaten ari da esperientzia”
Dibisekin izan beharreko estrategiak ditu pentsamenduan Uxue Zamalloak. Estrategia horien bueltan aritzen da kooperatibekin izaten dituen elkarrizketetan. Kirolaria ere bada. Astean bi-hiru bider joaten da igeri egitera eta mendian oinez ibiltzea ere gustuko du. Esku-pilota zalea ere bada. Jokatzeko estiloagatik, Unai Lasoren jarraitzailea da. Uxue Zamalloa gehiago ezagutu nahi izanez gero, entzun ondorengo podcasta.
Eguneroko lana lasai eta eraginkor egiteko baliabideak eta bermeak eskaintzen dizkigu Izaro Matxainek. MUko Informatika ingeniaritzako ikasketen harira, ikasitakoa praktikan jartzen ari da Zentro Korporatiboan. Gebara eta Gasteiz artean bizi da. Bere esanetan, biek dituzte beraien alde onak baina etorkizun batean nahiago luke herri txiki batean bizi. Arabarra izanik, Baskonia zale amorratua ere bada. Izaro Matxain gehiago ezagutu nahi izanez gero, entzun ondorengo podcasta.
Liburuek deskonexioa ematen didate, mundu berri bat bizitzeko aukera”
Nondik datorkizu irakurtzeko zaletasuna?
Betidanik izan naiz oso irakurzalea. Ni baserrian bizitakoa naiz, nire familia (aita, ama eta bi ahizpa) aitita eta amamarekin. Nire aitita ere oso iralurzalea zen, beti ezagutu dut liburuak irakurtzen. Bere liburutegia zuen: liburuz, enziklopediaz…betetako logela bat. Bere urtegunean, aitaren egunean, gabonetan… beti liburuak oparitzeko ohitura genuen. Ez dakit bera ikustearen ondorioz edo zer, baina nik eta nire ahizpak beti irakurri izan dugu pilo bat.
Transmisioa egon da hor. Ederra da hori!
Bai. Baina ama hasarretu egiten zen beti liburuekin ibiltzen ginelako. Amak beti esaten zigun: itxi liburua eta hasi zerbait egiten. Gaur egun nire senarrak ere antzeko zerbait esaten dit, e-bookari itsatsitako pertsona bat naizela.
Zer genero gustatzen zaizu gehien?
Bizitzako etapa desberdinetan genero desberdinak irakurri izan ditut, momentu pertsonalaren arabera generoak aldatzen joan naiz. Momentu honetan liburu erromantikoak eta bukaera politak dituztenak gustatzen zaizkit. Tartean suspentsea ere irakurtzen dut.
Eta zein idazle?
Momentu honetan liburu erromantikoak: Megan Maxwell eta Alice Kellen. Suspenserako Dolores Redondo. Lehen Ken Follet-ek publikatzen zuen dena irakurtzen nuen, baina azkenean nekatu egin nintzen. Bizitzako etapa bakoitzean idazle ezberdin bat izan dut gustuko.
Zer ematen dizute liburuek?
Niri liburuek deskonexioa ematen didate, mundu berri bat, bizitza ezberdin bat bizitzeko aukera. Bidaiatzeko aukera ere bai.
Zenbat liburu irakurtzen dituzu urtean?
Ez dakit, 15–20 liburu inguru. Gaueko 21:00ak inguruan ohera joaten naiz eta 22:00-23:00ak arte irakurtzen egoten naiz. Asteburuetan ere, eguraldi txarrarekin, izugarri gustatzen zait esnatu eta irakurtzea.
Liburuak paperean ala e-bookean nahiago?
Lehen paperean; asko kostatu zitzaidan e-booka hartzea. E-booka erosi eta pare bat urte erabili barik egon nintzen. Nire ahizpak erre que erre esaten zidan e-booka erosoagoa zela. E-bookarekin hasi nintzen eta abantailak bakarrik aurkitzen dizkiot. Beti poltsan eramaten dut eta medikuaren itxarongelan, haurren bileren itxaron tarteetan… irakutzen dut. Gauez ere, senarra argiarekin molestatu gabe, irakurtzeko aukera ematen dit.
Zer diozu Liburu biziak programari buruz?
Oso programa polita iruditu zait. Aspaldi paperean eta euskaraz irakurri barik nengoen eta gustura irakurri ditut liburu pare bat. Oso liburu laburrak dira. Eskuragarri edukitzeak euskaraz irakurtzeko erraztasuna ematen du.
Zein bi liburu irakurri dituzu?
Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen eta Unai Elorriagaren ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’. Erraz irakurtzekoak dira.
Zer kontatzen dute?
Eider Rodrigezen kasuan, ipuin bilduma bat da. Oso motzak dira, baina sakonak. Ipuinak irakurri ostean nire bizitzari buruz hausnartzeko balio izan dit.
Unai Elorriagaren liburuari dagokionez, hasieran ipuin solteak direla ematen du baina poliki-poliki beraien artean lotura dutela konturatzen zara. XIX. mendeko Italia ezagutzeko aukera ematen du.
Estres handiko bizimodu honetan, zer onura ekar dezake irakurketak?
Norbere bizitza alde batera uzteko eta beste mundu batean barneratzeko aukera. Deskonektatzeko aukera paregabea.
Eskerrik asko, Nerea, irakurketaren mundu magikoan barneratzen lagundu diguzulako, eta jarraitu irakurtzen eta bizitakoak konpartitzen.
Abenduaren 15ean idazle mundakarra gurean izan zen, Komunikazio departamentuarekin duen kolaborazioan, jarraipen bilera egiteko. Bertan zegoela, unea aprobetxatu genuen egoitza berritua erakusteko, eta bazterrak ikusten aritu ginen han eta hemen Zentro Korporatiboan. Arreta eman zion, nola ez, abian jarri dugun ekintza batek, “Liburu biziak” ekimenak, euskaraz irakurtzeko ohiturak areagotzeko asmoarekin egindakoa denak. “Bai ekintza ederra!” esan zigun, liburuak mahai gainean zeudela ikusirik. Konkretuki, Euskara Batzordeak 10 liburu desberdin jarri ditu lankideon eskura, 7 ale LK3n eta beste 3 Otaloran. Eta horien artean bazen bere aitak (Edortak) idatzitako “Aizkorak eta gutunak” eleberria, kronika judiziala eta thrillerra konbinatzen dituen lana. “Apaingarri askorik gabeko testua da, oso zuzena”. Tira ba, ea hurrengo baterako Iratiren eleberriren bat sartzen dugun eskaintzan!
Abantaila ugari ekarri dizkigu eta oso pozik gaude”
Eli eta Patxi pozarren daude lanerako malgutasun neurri berriekin. Urtarrilean jarri da indarrean araudi berria, eta hiru neurri aplikatzen hasi dira Zentro korporatiboan: urruneko lana, ordutegi malgua, eta egutegi malgua.
Elik dio “orokorrean, kolektibo osoa dago oso pozik lana malgutzeko arau berriarekin. Lana bizitza pertsonal eta familiarrarekin hobeto kontziliatzeko modu ona da”.
Bat dator Patxi: “bai, pandemia garaian ikusi genuen posible zela etxetik lan egitea produktibitatea kaltetu gabe, eta logikoa eta koherentea da araua”. Patxiren iritziz, “eskubide modura baino, aukera modura ikusi behar dugu hau”. “Asteko egun bat eduki dezakezu erreferentzia modura flex egunerako – adibidez, nik osteguna –, baina lehentasuna lanak dauka, eta daukazun lan motaren arabera aldatzen duzu zure flex eguna eta agenda”. Bestalde, “badaude flex egunik egin nahi ez duten lankideak ere, egunero etortzen direnak”.
Patxik nabarmen igarri du flex egunaren onura: “Bilbon bizi naizenez, astean egun batez 2 orduz murrizten dut laneko bidaian pasatako denbora, gasoilaren kostua aurrezten dut, bideko arriskua gutxitu, eta deskantsatuago nago”. Eta Elik gaineratu du “eta bide batez, jasangarritasunari laguntzen diozu”.
Eliren kasua ezberdina da, “ni Arrasaten bizi naiz eta ez daukat desplazamendurik, baina asko laguntzen dit lana ateratzeko orduan, askoz produktiboagoa baita nire flex eguna: kontzentrazioa eskatzen duten lanak egiteko oso egokia da, horretara bainago”. Eliren esanetan, “nik ez daukat egun zehatz bat, aldatu egiten dut flex eguna, lanaren arabera. Baina egun batez etenik gabe lan egiteak asko laguntzen dit”.
Astean egun batean edukitzea flex egunerako aukera ondo baloratzen dute Elik eta Patxik: “neurri egokia da, egun gehiagorekin lankideekin kontaktua eta harremana galtzeko arriskua egon daiteke eta”. Eta asteko flex eguna lau egunetan modu malguan hartzeko aukera izatea ere ondo baloratu dute.
Arau berriak eragozpenik ba ote daukan galdetzean, kosta egin zaie erantzutea. Irribarre artean aipatu dituzte “hozkailua gertuegi izatea, klimatizazioa norbere kontura, eta LK3ko bistak galtzea… kar-kar-kar!”.
Argi geratu da modu positiboan eragin duela lana malgutzeko arau berriak lankideen motibazioan eta lan giroan.
Eskerrik asko eman didazuen kariño guztiagatik”
15 urte eman ditu Rosik MONDRAGONerako lanean, eta 30 Ausolanen. Bikain bete du gure lan inguruneak txukun eta garbi mantentzeko funtzioa. Mimoz, umorez eta detaile handiz egin du lana. Rosiren hitzetan, “kooperatibetan pertsona askorekin izan dut harremana, eta eskertuta nago jubilatzeko momentuan MONDRAGONen egin didazuen agurragatik. Harro nago MONDRAGONen lan egin izanagatik, eta maitasuna eta tratu ona sentitu izan ditut beti. 58 urte ditut, eta neurentzako denbora hartzea erabaki dut”.
Orain ilusioz dago bizitzako fase berrirako: erlaxatu, paseatu… nahi du, baina bereziki dantzatzeak motibatzen du. “Dantzan egin nahi dut, ikastaroetara joan, saltsa, bachata… edozer”. Musikaren erritmoan dantzatu nahi du gorputza eta bihotza Rosik.
Karisma berezikoa, Rosi. Extremaduran jaio zen eta 3 urterekin etorri zen Arrasatera, kooperatiben altzoan egin du lan bizimodua, familia sortu eta hazi, eta erritmo alaian jarraitu nahi du bizitzen.
Eskerrik asko zuri, Rosi, eman diguzun alaitasunagatik, eta gozatu jubilazioa!
Ilusioa, familia, oroitzapenak eta kaos pixka bat dira Gabonak”
Modu berezian bizi izan du Irantzuk Gabon garaia betidanik. Eta orain, bere bi semeekin, ilusio bereziagoarekin. Argiak piztu, arbola apaindu eta familian gozatzeko momentua izaten da. Gabonek badute magia berezia Irantzurentzat eta bere familiarentzat. Gelditu, atseden hartu eta energiaz kargatzeko ere momentu aproposa dela ere aipatu digu.
Urteko garai berezia dira Gabonak. Zer dira Gabonak zuretzat, Irantzu?
Niretzat Gabonak ilusioa, familia, oroitzapenak eta kaos pixka baten nahasketa dira. Zuretzat denbora gehien duzun (edo beharko zenukeen) urteko une hori da, familia osoarekin batu, lagunekin planak egin, gehiegi jan eta gauza txikiez gozatzeko garaia.
Nondik datorkizu Gabonak modu bereziak bizitzeko zaletasun hori?
Etxetik datorkidala uste dut. Gurean beti bizi izan ditugu Gabonak oso familiarteko giroan, partekatutako denboraz gozatzen. Detaileak asko zaintzen ziren: dekorazioa, bazkari bereziak, kariño handiz pentsatutako opariak…
Nola bizi dituzu zuk Gabonetako egun bereziak? Zer egiten duzue?
Patxadaz bizi dugu (edo horretan saiatzen gara), haurren erritmora egokituz. Argiak eta jaiotza monumentala ikusi, arratsaldeak PINen pasatu, familia bazkariak, une lasaiak etxean…
Zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuna Gabon garaitik?
Gehien: nire seme zaharrenaren ilusioa, Gabonak dena posible den sentsazioarekin bizi ditu eta. Berarentzat, argiak, opariak eta detaile txikiak magia hutsa dira… eta ilusio hori kutsatzen digu inguruan gauden guztiei.
Gutxien: jende pilaketak, ilara amaigabeak eta mila lagunekin batera planak egiten saiatzea… hori guztia karrotxo batekin eta poltsekin.
Erritual bereziren bat badaukazue familian?
Bai, zuhaitza elkarrekin muntatzea. Emaitza picassiano samarra izan ohi da, baina xarma handikoa… eta bola mordoa umeen altueran jarrita. Aurten, gainera, aitona-amona eta osaba -izebei oparitzeko eskulanen apaingarriak egiteari ekin diogu.
Zer esanahi dute Gabonetako argiek eta apaingarriek?
Niretzat, argiak eta apaingarriak etxeari ukitu beroa eta goxoa emateko modu bat dira, batez ere seietan jada gaua den garaian. Gainera, ez dituzte umeak bakarrik alaitzen… helduoi ere animoa altxatzen digute.
Opor garaia ere bada. Zertarako da ona garai hori?
Gelditu, atseden hartu eta energiak kargatzeko. Manta, sofa eta txokolate on bat edo Gabonetako gozokia.
Gazteagoa zinenetik hona (orain haurrak dituzunez), nola aldatu da Gabonak bizitzeko modua zuretzat?
Asko aldatu da. Lehen, Gabonak gehiegi pentsatu gabe gozatzea zen: lagunekin planak egin, gaueko ihesaldiak eta, batez ere, askatasun handia. Orain, berriz, gozatzea da besteek nola gozatzen duten ikustea, batez ere nire semeek, eta giro familiarrago batean bizitzea (eta egunez, kar-kar!). Nekagarriagoa da, dudarik gabe, baina bereziagoa ere bai.
Zer eskatzen diozu zuk 2026ari?
Osasuna, familiarekin kalitatezko denbora ematea, eta elkarrekin gozatzeko une asko. Eta, ahal bada, atseden pixka bat gehiago... bi ume etxean izanda, ez baita inoiz gaizki etortzen.
Atharratzetik abiatuko da Korrika martxoaren 19an. Martxoaren 29an Bilbon amaitu aurretik, herriz herri ibiliko da. Arrasatera, esaterako, martxoaren 26ean 04:00ak aldera iritsiko da.
Euskara gara leloaren bueltan ardaztuko da 24. Korrika. Ane Elordi Korrikaren koordinatzailearen arabera, "euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da". Bere esanetan, euskara kohesiorako bide da: “euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da".
Dakizuen moduan Mondragon Koop E.ko lehen Berdintasun plana abiatu genuen duela urte batzuk. 2021-2024 I Plangintza izan zen, lehen urratsak ematen hasi ginen, formazioa, Berdintasun Komitearen sorrera… Azken plangintzaldian, berdintasunak erreflexua izan du kooperatibako dokumentu korporatiboetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasuna esplizituki jasota dago konpromisoan eta memorian. Bestalde, Korporazio mailan, Berdintasun Foroa martxan jarri zen 2022an, bultzada emanaz pertsonen kudeaketari genero ikuspegitik eta ezagutzak partekatzeari.
Oraingoan 2025-2028 II Genero Berdintasun Planaren berri eman nahi dizuegu, iazko lehen seihilekoan egindako diagnostiko sakon baten ondorioz landua, eta dagoeneko organo eskudunek onartua.
Diagnostikoak egungo egoeraren argazki zehatza eman du, indarguneak eta hobetu beharreko arloak identifikatuz. Abiapuntu horretatik, planak aurreko egitura hartu du, hiru ardatz estrategikotan antolatuz.
Lehenengo ardatzak, lidergoa, politikak eta kultura aldaketa ardatz hartuta, erakundearen konpromisoa eta gobernu ona jartzen ditu erdigunean. Berdintasuna ez da ekimen isolatua, baizik eta zuzendaritzatik hasita egitura osoa zeharkatzen duen ikuspegia.
Bigarren ardatza pertsonei zuzenduta dago. Barne komunikazioa eta parte-hartzea sustatzea funtsezkoa da, baita formakuntza eta sentsibilizazioa indartzea ere. Horrez gain, pertsonen kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea eta lan-osasuna berdintasunaren ikuspegitik lantzea lehentasunezko helburuak dira.
Hirugarren ardatzak gizartearekiko eta ingurunearekiko harremana jorratzen du, bereziki irudia eta kanpo komunikazioa. Erakundearen balioek kanpora ere koherente islatu behar dute, berdintasunarekiko konpromisoa praktikan erakutsiz.
Genero Berdintasun Plana ez da helmuga bat, ibilbide bat baizik. Laster edukiko duzue detaile gehiago, denon artean diskurtsotik praktikara benetako eraldaketa posible egin dezagun.
I&A bikotea
Abenduaren 10ean egindako argazkia da. Hortxe ikusten duzue Abel despatxo azkar bat egiten Igorrekin (automobilean sartuta). Euria ari du, zirimiria, baina Abeli ez zaio inporta, pare bat kontu zeuzkan Igorrekin berba egiteko eta hortxe dago, deskargua egiten. Zirimiria ez zaio arrotz egiten gure euskara teknikariari, izan ere horretan ari dira, euri fina bezala, arian-arian, lan eta lan, gure hizkuntzaren erabilera lan giroan zabaltzen.
Igor berriz, kotxearen leihatilak tintatuak dituenez, ez dugu ikusten, baina hortxe, lan kontuak aztertzen bera ere. Finak biak! Argazkiaren aitzakiarekin eskerrak eman behar dizkiegu bai batari zein besteari ere bidelagun ditugulako zeregin honetan. Eutsi goiari!!
Mondragoneko Esperientzia kooperatiboan ditugun hainbat ezaugarri ez dira Arizmendiarrieta eta fundatzaileen asmakizun hutsak, baizik eta kooperatibak sortzen hasi aurretik esperimentatu zituzten errealitateak. Ezagutu zituzten seminarioan (Arizmendiarrietaren kasuan) edo Acción Católica izeneko denbora libreko elkarte erlijiosoan edo Unión Cerrajera enpresan. Azken honetan kokatzen da Hetruc: Hermandad de trabajadores de la Unión Cerrajera.
1935ean eratu zuen Unión Cerrajerak Hetruc zerbitzua. Espainiar Estatuko lehen gizarte-segurantza pribatuetako bat izan zen. Langileek sustatu zuten eta Unión Cerrajerak gogotsu babestu zuen: Hetruc-en dirua jartzen zuten langileek eta, beste hainbeste, enpresak.
Hetruc-ek ondoko laguntzak ematen zituen: batetik, dirulaguntza langileari gaixorik zegoenean edo, senitartekoei, langilea hiltzerakoan, eta bestetik, mediku zerbitzua langileari eta haren familiari. Horretarako hitzarmena zuen Donostiako San Ignacio Klinikarekin.
Zalantza gabe, Unión Cerrajeran lan egindako bide urratzaile kooperatiboek kontuan izango zuten Hetruc LagunAro asmatzerakoan.
Osaba aberatsak, iloba asko
Urrian, azaroan, abenduan edo urtarrilean bete dituzuelako edo beteko dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan, e?
Saioa Beristain, Oibar Elorza, Agurtzane Garai, Oskar Goitia, Ramon Gomez, Iñigo Larrea, Maite Urgoiti, Jagoba Zabala, Uxue Zamalloa, Ainhoa Zeziaga, Manu Ayerdi, Julian Gallardo, Maialen Gonzalez, Lander Gonzalez eta Alba San Gil.