Natura iratzartzearekin batera, indarrak berritzeko garaia heldu da. Korrika dator bizitza, egunak luzeagoak dira, eta muga eta tontor berriak amesteko gogoz gaude. Gure serotonina maila gora dator, eta mundua erakargarriago ikusten dugu. Oporretan munduaren aniztasuna dastatzeko unea da, lekuan lekukoa.
Batzuek atseden hartzeko unea dute; besteek lidergoa loratzekoa. Kopa baten pozak konpartituz, elkarrekin ospatzeko sasoia da.
Biziberritu gaitezen eguzkiaren epeletan!
Oso lasai noa jubilaziora”
Arrasaten bizi eta lan egin du beti Agurtzanek. Hainbat kooperatibatan lan egin ondoren, Zentro Korporatiboan amaitu du bere lan ibilbidea. Guztira 40 urte egin ditu bere onena ematen MONDRAGONi. Dibisen kudeaketan espezializatu zen eta burtsari begira lan egin du azken urteetan, diru merkatuen gorabeherei jarraipena eginez eta kooperatibei aholkuak emanez. Bere lan bizitzan suertatu zaion gauzarik bitxiena gogora ekartzeko eskatu diogu, eta hauek aipatu ditu: “Pezetatik eurora pasatzea mugarri inportantea izan zen”. Beste bat “mende aldaketa eta 2000 efektua ordenagailuetan”. Nolanahi ere, “bizi izan dudan gauzarik bitxiena, duda barik, Covid-19aren pandemia izan zen”.
Lankideen esker ona eta agur beroa jaso ditu Agurtzanek erretiroa hartzeko unean. Agurtzaneren hitzetan, “gauza asko ikusi eta ikasi ditut nire lan ibilbidean”. Gainera, “ardura handiko pertsona esanguratsuekin eta, era berean, lankide apalekin, lan egin dut han eta hemen” eta “zorte handia eduki dut kooperatiban eta kooperatibekin lan egiteko aukera eduki dudalako”. Orain, “lankideei eskerrak eman nahi dizkiet, eman didaten laguntzagatik eta jasotako maitasunagatik”.
Mila esker, Agutzane. Zure eredugarritasunaren arrastoa hemen geratuko da.
Txina beste galaxia bat da”
Asian bizi izan zen luzaroan eta ekialdeko kulturen ezagutza handia dauka. Nazioarteko harremanetan aditua da. Pentsamendutan dibergentea eta esateko moduetan abila da German. Autentikoa. Bistan da dohain handiak dituela harremanetarako. Horretan trebatu da bere lanean.
Hona hemen kontatu digunaren entresaka bat.
Nor da German Lorenzo, hiru hitzetan?
Kooperatibista bat ekinean.
Bertute bat eta defektu bat…?
Sakrifiziorako espiritua. Gehiegizko grina.
Asian egin duzu zure ibilbide profesionalaren zati handi bat. Egin laburpen bat.
EROSKIko Inportazio sailekoak urte dinamikoak izan ziren, Asia aldean. Hong Kong-en urte gogorrak egin nituen, erosketetako joint venture baten zuzendaritzan. Gero MONDRAGON Internacional-en urte luzetan lantaldeak sortzen eta estrategiak garatzen ibili nintzen Txinan, Indian eta Vietnamen. Ondoren LKS Nexten nazioartekotzean laguntzen, eta MU-MTAn proiektua korporatiboki indartzen. Fagor Ederlanen ere logistika kontu batzuk landu nituen tarte batean. Eta gero berriro Korporaziora bueltatu nintzen. 30 urtetik gora orotara…
Zer nabarmenduko zenuke Asiako kulturatik?
Txina beste galaxia bat da, balio eta printzipio guztiz desberdinekin. Armoniaren balioak egiaren gainetik agintzen du, eta formak funtsezkoagoak dira transfondoa eta harreman pertsonal gakoak baino. Ez da erraza ulertzea… Apaltasuna, jakin-min intelektuala eta pazientzia beharrezkoak dira Txina ulertzeko.
Eta zertan bereizten dira Txinako eta Indiako kulturak? Zertan dira berdinak eta desberdinak?
Bi unibertso dira. Asko sinplifikatuz, berdinak dira konfiantzazko harreman pertsonalak eratzen jakitearen garrantzian. Eta desberdinak dira existentziaren zentzuan: Txinan ezerezerantz doa, eta Indian, berriz, “perfekziorantz”, berraragiztatzeen bidez…
Zer daukagu ikasteko europarrok Asiako kulturatik?
Nork bere burua ezagutzearen garrantzia barneratzea. Esaldi batean: ”Ez korri egin, poliki joan… zoazen toki hori Zeure Burua da”.
Jan duzun gauzarik exotikoena?
Dalian, Txina iparraldean, itsaskiak eta krustazioak ‘bizirik’ jan genituen, zotzekin ehizatuta... Ganbek salto egiten zuten kontrolik gabe! Moztuta ere, garroak mugitu egiten ziren, eta ondo mastekatzeko esaten ziguten, eztarrian itsatsita geratzeko arrisku larriaren aurrean… Kortesiagatik sufritu beharreko abentura!
Eta asiarrek galdetu dizuten gauzarik arraroena?
MONDRAGONen jabearen semea izanik, ea nola ez neukan Mr. MONDRAGON abizena… Suhia nintzela esaten nien.
Zenbat hizkuntza dakizkizu?
Ingelesa txikitatik, frantsesa unibertsitatetik, italieraz EROSKIko nire garaian Coop. Italia-koekin “hitz egiten nuela zirudien”, eta (txinera) kantoneraz batez ere “birao eta maldizioak”... Euskararekin saiatu behar dut; bitxia da, nire aitaren birraitonak Aramaiokoak ziren eta nire amamak txikitan euskaraz hitz egiten zigun.
Zelan ikusten dute MONDRAGON atzerritarrek?
Miresmenez eta debozioz. 70 urtetan gauzak ondo egiteak eman digu mundu mailako ospe eredugarri eta positibo bat. Erakutsi dugu posible dela lehiakortasunetik balore ekonomikoa sortzea, baina gure balio eta printzipioei uko egin gabe. Aberastasuna modu ekitatiboan banatu daitekeela, elkartasunean eta ekitatean oinarrituta. Munduak enpresa eredu alternatibo gizatiarrago eta funtzional baten modura ikusten gaitu. “Ekonomia humanistikoa ekinean”.
Zer mezu ematen diezu zuk?
Mitoaren atzean milaka kooperatibistaren eguneroko ahalegina eta dedikazioa daudela. Azaltzen diet, “enpresa egiteko beste modu bat” badagoela, bikaintasuna lortzen duena ahalegin indibidualak batuz, eta, beraz, gure balio partekatuen azken emaitzak biderkatuz: elkartasuna, parte hartzeko mekanismoak, interkooperazioa, palanka boteretsuak… legatu kooperatiboaren zentzuak harilkatuta.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Arrantza eta eskia. Arrantza familia kirola dut haurtzarotik. Aitak natura maitatzen irakatsi zigun amuarrainak harrapatzeko “hil gabeko arrantza“ teknikaren bidez. Eskia nerabezarotik, lagun talde handi batekin, oraindik ere elkarrekin eskiatzen jarraitzen dugu 45 urte geroago.
Amaitzeko, zerbait?
Talde korporatibo osoarekiko estimu eta miresmen handia sentitzen dut. Besarkada handi bat!
Beso zabalik hartu gaitu eta irribarrez goaz elkarrizketatik, asko ikasi izanaren sentsazioarekin. Harrapatu egin gaitu… Beti da plazer handia Germanekin kontari aritzea.
Ederra da Aconcaguaren handitasuna”
Mendizale eskarmentuduna da Manu. Eta betidanik izan du buruan Aconcagua (6.962 m), Ameriketako mendirik altuena. Eta urtarrilean Argentinako Andeetara egin du espedizioa Iruñaldeko mendizale talde batekin. Jose Mari Casimiro himalaista ezaguna izan dute gidari. Andeen handitasuna parez pare ikusteko aukera izan du Manuk, eta konturatu da zein txikia den bat menditzar horien azpian. Uda sasoian ezohikoa den elurra ere izan dute. Emozio pilo bat ekarri ditu motxilan Manuk bidaia berezi horretatik bueltan. Aklimatazioa egin ondoren, Aconcaguaren magaleko aldapetan ibili dira. Gailurreraino igotzea lortu ez badute ere, plazer handia izan dela esan digu Manuk. Eta pribilejiatua sentitzen da.
Jubilatu ondoren, gustura joango litzateke berriro Andeetara, eta Kilimanjaro-ra (Tanzania, 5.895 m) joateko gogorik ere ez zaio falta.
Meritu izugarria dauka Baskoniak Kopa irabazteak”
Saski Baskoniak 17 urteren ostean 2026ko Errege Kopa irabazi berri duela eta, hiru jarraitzailerekin elkartu gara: Izaro Matxain, José Luis Caballero eta Javier Marcos. Elkarrizketa honetan garaipen historiko horren gakoak aztertzeaz gain, Baskoniako zaleen artean sortzen den giro berezi eta osasuntsuaz aritu zaizkigu. Galdetu diegu ea zergatik duten baskoniazaleek Ikusi mendizaleak kantua hain kuttuna. Zergatik ote?
Kooperatibetan nire aurretik egon diren emakumeei eskaini nahi diet sari hau”
Leire Mugerzak Gipuzkoako enpresaburu onenaren ASPEGI 2026 Saria jaso berri du eta sari honen jatorriaz hitz egiteko aukera izan dugu berarekin. Lanean hasi zenenean lagundu zioten haiekin gogoratu da saria jasotzean. Kultura aldaketaren beharra nabarmendu du benetako berdintasuna lortzeko. Irakurle, espero dugu podcast honek laguntzea berdintasunaz, pertsonez eta gaur egun behar dugun lidergoaz hausnartzeko.
Gereziondoak lehenago edo beranduago loratzen dira argiaren eta beroaren arabera, ez egutegiaren arabera.
Ez dute outlookaren beharrik!
Hegazti migratzaile batzuek “erabakitzen dute” udaberria dela egunak 12 ordu baino gehiago irauten duenean, eta hor hasten da haien itzulerako bidaia.
Ba al dakizu eguna noiz argitu den gaur?
Udaberrian eguzki ordu gehiago izaten dira. Horrek zure garunak serotonina (umore onaren hormona) gehiago ekoiztea dakar, eta bat-batean mundu guztia erakargarriagoa iruditzen zaizu.
“Neguan jatorra zena… maiatzean nire bizitzako amodio kuttuna da!”
Ipar hemisferioan udaberria iristen denean, ozeanoetako uraren pisua birbanatu egiten da, urtzearen eta tenperatura-aldaketen ondorioz.
Horrela, planeta pixka bat deformatzen ari da: Ekuatorearen inguruan pixka bat “potoloagoa” bihurtzen da. Ondorioz, Lurraren errotazio-ardatza zentimetro batzuk mugitzen da eta egunaren iraupena segundo milaren batzuk aldatzen da.
Ez da poesia, ez. Geofisika basatia da!
Eguraldi aldakorra dela eta, fenomeno sozial bitxia gertatzen da: "Aaaiiiiii, ez dut ezer janzteko", nahiz eta hiru armairu bete-beteta izan! Eragin ekonomiko arina du baina etengabea.
Gaur ERE ez dut asmatu, ez dut ondo aukeratu!
SENTIMENDUEN FRUTA-DENDA
Udaberrian bihotza
postu ibiltari bihurtzen da
marrubia bezain gorria da,
bere dotoreziaz harro dago.
Sagarra lotsatu egiten da,
kosk egitera gonbidatzen zaitu
eta zuk irri xalo artean
ez dakizu zer egin.
Mertxika gorritu egiten da
zuritzen hasten bazara,
maitasuna, zaporetsua denean
zikintzen hasi ohi da.
Eta sandiak mahaian,
bihotza zabalik,
maitemintzea ausartzea dela
gogorarazten digu... atzerabueltarik gabe.
Ostegunean Aldapako Korrika egin dugu Olandixoko kooperatibekin lankidetzan. Talde polita elkartu gara, aldapan korrika egin, mezua irakurri, eta pintxo ederrak dastatu. Zentro Korporatibotik Oibarrek eraman du lekukoa, eskua goian eta emozioak taupaka.
Larunbat goizaldean, Arrasaten Korrikaren lekukoa hartu dugu MONDRAGON Korporazioaren izenean, 2747. kilometroan. Anderrek, Anaitzek eta Ametsek izan dute lekukoa eramateko ardura eta ohorea. Iluntasunean argi egin du Korrikak, eta ederra izan da gaueko bizipena, oraingoan ere! Ikusi irudiak, eta gogoratu zein ederra izan den.
Euskara Gara. Eta Zentro Korporatiboan, euskaraz gara!
Mirari Japoniaraino joango da. Ainhoa Landetara lau eguntxo, eta gero eguraldiaren arabera, txango txikiak. Aitor Asturiasera, aurreztu egin behar baitu, ondoren Sevillan Realarekin Kopako finala irabazi eta majo ospatzeko. Nahia Benidormera, etxeko gazteenetarikoa jubilatuen paradisura!? Amaia Isazelaia Izabara oraingoan (harritu gara Asturiasera ez doala jakitean, baina Aitor bidali du). Saioa Chiclanara, Cadizera. Mariela Segovia eta La Ràpita (Tarragona) artean ibiliko da.
Uriona Saloura doa familiarekin eta ondoren… Aitor bezala Sevillara. Irune Kanaria Handira, urteetan Fuerteventurara joan dira, eta aurten aldaketa! Ina Pazko astean Madrilera, lotu gabeko “plan verve” dauka (ver venir). Maite Urgoiti bere etxea kabi bihurtzen ibiliko da, bere etxeko obra handiaren ondoren, dena atontzen eta goxatzen. Sara Zaragozara, alaba basketean jokatzen ikustera.
Nerea Errasti Cambrills forever (urtero joaten da). Uxuek ere plan verve dauka, Aste Santuko egunak ditu jai, eta pazko astean lan egin beharko du, dolarrak gora, dolarrak behera, nahikoa lan! Eli Santa Polara bi asterako. Pepelu, nora joango da ba? Galizara!
Maialen Palentziako mendietan, eta ondoren, Landetara. Carolina bere herrira, Kolonbiara. Marcos Mexikora, eta postal koloretsu bat bidaliko digu handik. Iban Oportora, Zamoratik pasata; Oporton seme-alabak zainduko dizkion lankideren baten bila dabil. Amets Almeriara: ohitura bilakatu da.
Amaia Ferro Sardiniara. Santos Salamancara. Maite Legarra Euskal Herriko txokoak deskubritzen ibiliko da familiarekin. Eta Leire, berriz, Granadako herritxoetan, autokarabanarekin.
1956an ULGOR kooperatiba industriala abian jarri eta denetariko enpresa-jarduerak etenik gabe kooperatibizatzen hasi ziren Arizmendiarrieta eta jarraitzaileak. Industriaz gain, sektore askotan sortu zituzten kooperatibak: kontsumoan, nekazaritzan, arrantzan, ikerketan, etxebizitzan, kredituan, hezkuntzan eta bestelako zerbitzuetan.
Horietako batzuetan gaur egun ez dugu lan egiten eta, aldiz, badaude sektore berriak ere, energiarena adibidez (Ekiolan badugu parte). Gainera, arlo guztietan izan du MONDRAGONek arrakasta. Guztietan? Ez, arrantzan ez dugu asmatu.
1965ean hasi zen lanean Caja Laborala arrantza esparruan. Ormaetxea eta bide urratzaileak Ondarroan batez ere hasi ziren hilero formazio hitzaldiak ematen, eta Arizmendiarrieta bera ere batu zen kasuren baten, Caja Laboralak bulegoak irekitzen zituen artean inguru hartan (Ondarroa, Lekeitio, Bermeo).
1969ko azaroan Copesca izeneko bigarren mailako kooperatiba sortu zuten, 24 kooperatiba barne zituena (eta kooperatiba bakoitzak itsasontzi bat). Aurrerapauso garrantzitsuak egin zituzten, baina ez nahikoak: ez zuten lortu arrantzaleek, langile izateaz aparte, jabe bezala jokatzea. Ondorioz, Copesca 1973an deuseztatu zen.
Ezin ukatu porrotak samindura hondarra utzi zuela.
Ardi galdua atzeman liteke, aldi galdua ez’
Otsailean edo martxoan bete dituzuelako edo beteko dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan!
Ander Bikandi, Laura Bolinaga, Joselu Caballero, Nerea Errasti, Lorea Iturbe, Anaitz Lazkano, Mariela Lopez, Irantzu Murgiondo, Joxean Uriobarrenetxea, Koldo Orrantia, Joseba Sagastigordia, Aitor Aizpurua, Nerea Galindez eta Itziar Perez.